2015/10/15: Prentsa aurrekoa

Iparraldeko prentsari (irrati –  telebista- prentsa idatziari) aurkeztua izan da Katalina de Erauso pastorala,  Baionan 2016 eko ekainean eta Donostian irailean emana izanen dena

2008an Maite Berrogain Ithurbidek idatzia, 2012an Donostia hiria Europako Kultur hiriburu izendatu berrian, solasak hasi ziren Donostiako arduradunekin eta idazlearekin, 2016eko pastoralaren obratzeko ideiarekin. 2013an, elkartearen eta pastoralaren muntatzeko lanak hasi ziren 2016an Baionan eta Donostian emaiteko.

EUSKALDUN FAMATU EZEZAGUNA …. EUSKAL HERRIAN

Katalina de Erauso 17 garren mendeko Donostiko emaztea zen. Haurrean komentuan sartua, handik ihes egin zuen 15 urtetan. Gizonez mozorroturik abentura bizia ereman zuen, ezpata lagun bere bidea urratuz,  Europan lehenik eta gero 24 urtez Hego Ameriketan, Españolek zeramaten konkistaren baitan Alferez edo Entseñari gradoa lortuz

Fama haundia ukan zuen Katalinak bere garaian, eta geroztik ere hainbat antzerki eta pelikulen gaia izan da mundu hispanikoan. Bere libertatearen lortzeko egin zituen urratsen gatik ere, bilakatu da emaztek beren askatasunaren alde deramaten borrokaren ikurretarik bat. « Euskaldunen ganik ez zelakotz ezaguna ez eta ezagutua » lotu da Maite gure historiako personai berezi horren pastoralaren idazteari.

PASTORALA FEMININOA ETA MUGAZ GAINEKOA

Pastoral gutik dute emazte bat süjet, pastorala idazle emazte guti den bezala funtsian. Ohargarria ere da kasu huntan bi errejentak errejentsak direla(Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyre). Hots lehen aldikotz pastoralaren istorian, hunen bizkar hezur guzia emaztek osatzen dute, emanez pastorala huni, femininoa delako izaitea : Emazte bat, autore eta ikusgarri zuzendari emaztek taularatuko dute lehentze Baionan eta Donostian 2016an.

Pastorala hunek bi hiriak – Donostia eta Baiona- eta zabalago ikusiz, Lapurdi eta Gipuzkoa elkartuko ditu. Bi hirietan emaiteaz gain, Sahatsa,  Azkoitiko dantza taldeak parte hartuko du, bi probintzien arteko loturaren lekuko

EUSKAL KULTURA HERRIKOIAREN ILDOTIK

Aste huntan hasiko dituzte bere lehen errepikak 80 bat aktür, dantzari eta musikariek. Azken bi urte hauetan 40 bat lagun ari izan dira sail praktikoan elkartearen, intendentziaren prestatzen eta sail artistikoan berriz, kantuen musiken eta dantzen asmatzen eta biltzen.

PASTORALA : IKUSGARRIA BAINAN PRESTAKUNTZA ERE

Pastorala batek herri osoak emaiten ditu mogimenduan, bilduz mota guzietako dohainak eskuzkoak eta buruzkoak, haiek guziak edertuz ikusgarri mementoan. Ikusgarria, momenturik azkarrena bada ere, harek du bukatzen sei hilabeteko giza abentura aberatsa. Ez badira er Baiona eta Donostia herri bati konpara, ideia horrekin, sei hilabete hortako prestakuntza egin ahala jender bizi arazterat entseatuko gira.

Lehenik antolatuz Katalina de Erauso eta pastoralaren ezagutzeko ekitaldiak, konferentzia, erakusketa, errepika idekiak eta abar…. Hortaz gain, nahi ginuke zabaldu pastoralaren oinarri herrikoia, pastoralaren izpiritua delako eta ere hala beharrez. Horrelako ekitaldiaren finantziatzeko diru ainitz behar da. Instituzio eta mundu ekonomikoari dei egiten ari gira bainan horrez gain jenden borondateari ere dei egiteko asmoa dugu. Urrats hori eginen duena pastoralaren partaide izanen da eta elkarteak horren bizitzeko molde berezi bat ere eskainiko dio. Adibidez, ikusgarriko kantuetaz gain pastoralak badu bere himnoa, ikusgarrien egunean emana izanen dena. Partaide guziak gomit daizke horren kantatzerat pastoraleko aktürrekin batean, eta sei hilabetez gisa bereko beste hitzordurik ere dukete.

Hots, guk ere pastoralaz baliatu nahi dugu Baiona lehenik eta Donostia hein batean ondotik, mogimenduan emaiteko, molde kolektiboan, hau baita hastapenetik hunen abiatzailek izan duten izpiritua. Biba Pastorala ! Biba Katalina !