Pastoralari buruz gehiago jakiteko

Xiberoan ospatzen den herri antzerkia da.

“Trajeria” da pastoralaren jatorrizko izen berezia. Xiberoako antzerki epikoa da. Historiari edo erlijioari loturik, heroi baten istorioa edo bizia kontatzen du entzun-ikuskizun osoan: bertso, kantu, ibilaldi eta keinu liturgiko, dantzaz eta abar, antzerki sinbolikoa da. Tragedikomedia, nagusiki tragikoa izanagatik, komediatik ere baduena.

Nahiz eta haien lehenengo idatziak XVII. mendekoak izan, jatorria Erdi Aroan dute. Denboran, pastoralak elizetan ospatzen ziren, baina aspalditik kanpoan antzezten dira beraien gordinkeriengatik.

Eszenatokia: hiru atez osatua da: zuri, gorri eta urdina. Trajeriak ongiaren eta gaizkiaren etengabeko borroka irudikatzen du. Onak, “kiristiak”, urdinak zeru koloreko atetik jalgitzen dira; gaiztoak, “turkoak”, gorriak, infernuko su kolorekotik; erditik, xuri garbitik “aingeruak”, “elizgizonak”.

Musika: musika tresna garrantzitsuenak txülüla eta atabala baitziren ere, gaur egun tresna ugarik parte hartzen du. Elkarrizketak gregoriano airean abesten ziren bertsetak.

Errejent(s)ak, eszena gainean mahai baten jarririk, jalgialdien iragaitea kudeatzen du bandera gorriz eta urdinez lagundurik. Banderekin onak ala gaiztoak jalgitzeko manua ematen du, eta jalgialdiaren zenbakia agertarazten du ikuslegoak pastorala segi dezan.

Xahakoa pastorala 2010

Maitena Lapeyre

Errejentsa

Maulen sortua naiz (Xiberoa), han ikusi ditut nere lehen maskaradak eta pastoralak. Parisera joan naiz 20 urtetan eta ustegabean ezagutu dut Philippe Oyamburu. 12 urtez harekin segitu dut Etorki taldea, kantuz eta dantzaz, Parisetik Euskal Herrirat, Europa, Afrika, Amerikak eta Asiatik iragaitez.
Baionan ezkondua, gimnastikako klaseak animatu ditut helduekin ( erretretaduner) eta euskal dantzak erakasten ditut. Gainera kantan ari naiz Buhaminak  taldean.
Bi pastoraletan parte hartu dut: 2001 urtean, “Etxahun Iruri”n eta 2014ean” Gerezien denbora”n.
Orain harro naiz Baionako pastoral berri horren montatzen.

Katalina de Erauso

Katalina de Erausoren historia (Donostian sorturik 1585 edo 1592an eta hilik Mexikon Cuetlaxtlan 1650 edo 1652an) berak idatzirik du. 1829an Joaquín María Ferrer pasaitarrak publikatu zuen dokumentuz aberasturik.

Lau urtetan, laugarren alaba izanez, Miramar jauregian kokaturik zen Dominiken komentuan sartu zuten bere hiru ahizpekin. Hamabost urtetan, komentutik ihes egiten du eta gizon arropaz jaunsten da bere buruaren zaintzeko. 1600ean itsasontzia hartzen du Mundu Berriari buruz joaiteko eta aldizka itsasohoin, tratulari eta militar karguak hartzen ditu.

Usu hiltzera kondenaturik da, bere burua salbatzen du eta azken mementoan bere emaztetasuna aitortzen du. Famaturik bilakatzen da eta Filipe IV.ganik errenta eskuratzen du egin lanagaitik…

Gehiago jakiteko…

Maite Idirin

Kantore zuzendaria

Bizkaiko Ugao-Miraballesen sortu zen 1943an. 1968tik euskal kantagintza berriko partaide izango da. Exiliora joanik Pariseko La Candelaria Kafe antzokian gauero kantatzen du. Herrira itzuliz Iparraldeko euskal kultur mugimenduan integratzen da ikastolen alde kantaldi andana eginez eta Ortziken emankizunean partaide izanez eta Zabal liburudendan.
Garai berean ere Okzinatian, Bretainian, Flandrian, Katalunian etabar kantatuko du. Franco hiltzean Hego Euskal Herrian kantaldi andana egingo du.
Baionako Kontserbatorioan kantu eta arte liriko ikasketak burutuz urrezko dominak lotzen ditu. 2010ean Maitek prestatutako « Euskal Emakume Musikagileak » kontzertua ospatuko da Bilboko Eliseos Antzokian Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin laguntzarekin. Euskal Kantu Txapelketaren sortzailetarik da. Musika irrati emankizunak egiten ditu.

Maite Berrogain

Egilea

Maite Berrogain, Ithurbide ezkont izena, zuberoan sortua, Urdiñarben.
Lanbidez idazkari. 1995 geroz, Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzaren idazkaria Baionan.
“Betidanik eskuaraz antolatzen ziren ikusgarriak gustatü ziztazüt, bereziki Xiberoko pastoralak eta maskaradak, eta Lapurdin eta Baxe Nafarroan antzerkiak.
Nola oraiko pastoraletako süjetak diren kasik, bat salbü, gizonen historiak, Katalina de Erausoren  biografia irakurri dütalarik iduritü zitazüt ezin hobea zela pastoral süjeta bezala, trajedia eta komedia biak üztartzez”.