Euskal emaztearen presentzia aor modernoan (XVI.-XVII.mendeetan)

Emazteak, orokorrean, ez dauka tokirik historia handian, gizonek idatzitako historian. Euskal emazteak oraindik gutiago, euskaldunek ez baitugu gure herriaren historia moldatu, aski “agrafo” izan garelako.

Gabezi honek ez du erran nahi euskal emazteek protagonismorik izan ez dutela. Hortarako nahikoa da agiritegiak aztertzea, non kontratoak, auziak eta epaitegiak garbi azaltzen duten emakumeek gizartean izan duten partaidetza eta presentzia. Eta ez bakarrik etxe eta eleiza eremuetan, baita ekonomian, industrian eta merkataritzan ere.

Euskal emakumeek ez dira uzkurtu gizonen aitzinean, alderantziz, agerian edo isilpean, haien eskua garbi agertu izan dute.

Halere, alor bat dago erabat emaztearena izan dena: lihogintza. Liho hazia emakumeen eskuetan erori zen mementutik, garbi erakusten dute beren protagonismoa: lur landuan hazia erein, zaindu, atera, biguintzeko busti, haria ateratzeko xehatu, eta hariarekin mihise ederrak egiten zituzten.

Ekintza honek gauza anitz ekarri zion emazteari: berak menderatzen zuen lana zen, ekonomia munduko partaide egin zen, eta ohorea eta askatasuna lortu zituen.

Arrantza munduan, enpresagintzan, burdin alorrean, emazteek parte hartu zuten eta hortaz fier sentitu ziren, baina historian hori ezkutuan gelditu da.